Ainara Gurrutxaga

Zuzendari, antzezle, idazle eta irakaslea. 

Ainara Gurrutxaga Dejabu konpainiaren zuzendari artistikoa da Urko Redondo eta Miren Alcalarekin batera. Antzerki sortzailea, Komunikazio zientzietan lizentziatua (EHU, 1995-1999), Hizkuntza, komunikazio eta semiotikan masterduna (ILCLI Institute, 2001) eta Arte Eszenikoetan graduatua da London International School of Performing Arts eskolan (2005-2007). Complicité (UK, 2014 eta 2018) , Philippe Genty (Frantzia, 2016), Roberto Swedski (Argentina, 2017), Xabi Bobés (Catalunya, 2018), Legaleon-T (EH, 2019) eta Bryonny Kimming-ekin (UK, 2022) osatu ditu ikasketak.

Ainarak hainbat antzezlan sortu eta zuzendu ditu. Aipatzekoak 2011an sortutako Gizona ez da txoria saritua (Subotika Theatre festivalen antzezle onenaren saria, ACT jaialdian lan onenaren saria), eta Gure bide galduak (2015) eta Arrastoak (2016) biak ere Donostia Antzerki Sariak jasotakoak. Antzezlan hauen testuak argitaratuta daude.   

Konpainia hainbatekin egin du lan, horien artean National Theatre eta Limbik konpainiekin Erresuma Batuan eta Antzerkiola Imaginarioa, Rouge Elea, Ttak, Anakrusa edo Ttanttaka Teatroarekin Euskal Herrian.

Biran lan egin du antzezle gisa Portugal, Italia, Frantzia, Erresuma Batua, Espainia, Txekia, Serbia, Bosnia eta Ecuadorren. Ikusentzutekoetan Mireia Gabilondoren Amaren eskuak filmean, Koldo Almandozen Belarra laburrean eta Tamara Garciaren Euria ari du web-seriean (Tabakalera LABO egitasmoan) paper protagonistak egin ditu eta berriki, Fernando Gonzalez Molinak zuzendutako Ofrenda a la tormenta filman ere aritu da antzezle lanetan.

Sormen tailerrak eta laborategiak gidatu ditu konpainia eta hezkuntza zentro hainbatetan (EHU, ADEL horien artean) eta Errenteriako Antzerki Labea eskolaren koordinatzaile eta irakasle da egun.

Gaur egun antzezle, idazle eta zuzendaritza lanetan dihardu proiektu ezberdinetan.