konpainia

Poetikoa, garaikidea eta hauskorra den antzerkia interesatzen zaigu. Elkartzeko gonbitea egiten duena. Biziraupen ekintza bat da guretzat.


2001.ean sortu genuen Dejabu. Ondoren LISPA eta London International Puppet School-en graduatu ginen (UK). Orduan hasi zen benetako abentura, gure bidea egitera ausartu ginenean.  Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo eta Miren Alcalá gara konpainiako kideak. Egitasmo bakoitzean sortzaile talde zabala izaten dugu ondoan.


Proiektu bakoitzean bilatzeko eta galtzeko denbora hartzen dugu (jarrera erradikala gaur egun). Ametsetan agertzen zaizkigun irudien enigma argitu nahian hasten gara lanean gehienetan. Objektuei esker gorputzak eta munduak ekartzen ditugu espaziora eta kaosean murgiltzen gara. Irudiak eta mugimenduak dira etortzen lehenak, ondoren datoz istorioak eta pertsonaiak. Antzezlan bakoitza zerotik hasten dugula sinetsi nahi dugu eta hala ere, beti hor daude euria, hegaztiak, irratiak, berokiak, izarrak, telefonoak eta kotxeak. Ez gara, agian, hain originalak :) Arrastoak liburuan argitaratuta topatuko dituzu gure sormen prozesuari buruzko azalpenak.


2013an Antzerki Labea eskola sortu genuen antzerki garaikidea herritarren eskura jartzeko helburuarekin.


Gaur egun Niessen Kulturgunean konpainia egoiliar gara eta Lekuona Fabrikaren gidaritza taldeko kide.




kolaboratzaileak