Linbo Planeta

Zuzeneko bideo sorkuntza eta antzezpena uztartzen dituen antzezlana. Inork oroitzen ez duen leku batean kokatua. Ondarrez, zaborrez eta behin etxe izan zirenen hondakinez inguratutako leku urrun bat. Gerrak atzean utzitako hondamendia. Errefuxiatu kanpamentu abandonatu bat. Edo nork daki, galaxia honetako beste planeta bat. Gizaki bakarra bizi da bertan, zortzi urteko neskatila bat: Numa. Bakarrik bizitzera ohitua, hondamendiaren erdian bere bizilekua sortzea lortu du eta tarteka jasaten dituen erasoei bizirauten ere ikasi du. 

Aspaldian aspertzen hasia da ordea, faltan botatzen baititu lagunak, familia eta ia oroitzen ez duen bere herria. Goiz batean sekula jolasteaz aspertuko ez den lagun bat azaldu zaio, txakur bat. Eta elkarrekin inoiz susmatuko ez luketen bidaia batean murgilduko dira, irudimenaren indarrari esker bakarrik egin daitekeen bidaia batean. Numak etxera itzultzeko bideari ekingo dio, bere arbasoek, desertuko nomadek, aspaldi egin zuten moduan. Izarrei jarraika.

Zuzendaritza: Urko Redondo

Zuzendari laguntzailea: Ainara Gurrutxaga

Antzezle sortzaileak: Miren Alcalá eta Alvaro Garayalde

Testuak: Dejabu

Espazio eszenikoa: Urko Redondo

Jantziak: Idoia Beratarbide

Musika: Ander Fernandez

Argi teknikaria: Itziar Bote